Zure negozioan atera probetxua telefonia mugikorrari, erabilera eta aplikazio berrien bidez - Tolosaldea - Tolosa
Miramon Enpresa Digitalak antolatutako autonomoentzako eta mikroenpresentzako mintegiak egiten ari dira Tolosan oraindik
Enpresetara aplikatutako telefonia mugigarriaren aukerak, horien erabilera eta aplikazio berriak izango dira Miramon Enpresa Digitalak martxoaren 17an Tolosan egingo duen mintegi berriaren gai nagusiak. Aipatutako mintegia langile autonomoei eta mikroenpresei zuzenduta dago eta Tolosaldeko goi-mailako LHIn egingo da arratsaldeko 18:00etan.
Hainbat jardunalditan Internetekin lotura duten gaiak landu ditugu, eta oraingoan, Miramon Enpresa Digitalak Tolosan urritik antolatu dituen mintegiek enpresarentzat oso eragingarria den beste erreminta batean jarri dute arreta nagusia: telefonia mugigarrian, hain zuzen ere. Langile autonomo eta mikroenpresa ugarik erabili ohi du telefono mugigarria laneko instrumentu nagusietariko bat balitz bezala, eta horrenbestez, telefonia mugigarria modurik egokienean erabiltzeari esker, abantaila bikainak lor daitezke eta ezinbestekoa izan daiteke negozioetarako. Horrenbestez, mintegi honetan erabilera eta aplikazio berriak ezagutaraziko dira, telefonia mugigarriaren erabilera errentagarri egiteko eta enpresaren eguneroko kudeaketa hobetze aldera.
Beste aldietan bezalaxe, mintegia doakoa da. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago izan nahi dutenek 902 252 595 telefono-zenbakira dei dezakete, edo mezua bidali cursos@miramondigital.com helbidera.
Bestalde, jardunaldietan egondako guztiek SPRI eta Enpresa Digitalak argitaratutako Gida Teknologikoen Bildumaren lehen alea jasoko dute. Horretaz gain, hurrengo zenbakiak jasotako aukera ere izango dute. Bildumaren lehenengo izenburua "Zer egin informatika-birusen aurka" da.
Miramon Enpresa Digitalak Tolosan eskainiko duen mintegien zikloa beste hiru saiorekin osatuko da. Honakoekin: softwarea eta aplikazio informatikoak alokatzeko zerbitzuak (apirilaren 21ean); finantza-entitateetako eragiketak on line egiteko modua (maiatzaren 26an); eta merkataritza elektronikoko sistemak ezartzeko modua (ekainaren 14an).
Mintegi-ziklo hau eGipuzkoa 2005 ekintza-planaren eta Euskadi Informazioaren Gizartean planaren —hurrenez hurren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutakoen— baitan kokatzen da, izan ere, horien helburu da, beste hainbaten artean, Gipuzkoa lurralde aurreratua izatea enpresak informazioaren gizartean sartzeari dagokionez, konektatzeko aukerak eta merkataritza elektronikoa garatzearen bidez, hain zuzen ere. Helburu horretan sakontzeko, hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Miramon Enpresa Digitalaren bidez, beren ohiko jardun-eremutik, Donostiako Parke Teknologikoan gauzatzen denetik, harantzago joan eta beren prestakuntza-lana zabaltzearen aldeko apustua egin dute ikasturte honetan. Horretarako, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako mintegiak antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan.
Enpresa Digitala Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da eta honakoak ditu helburu nagusi: enpresaren barneko eragileak sentsibilizatzea eta prestatzea, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzea lehiarako zein garrantzitsua den ohar daitezen, eta informazioaren gizarterako bidean aurrera egitea. Horretaz gain, sarean negozio berriak garatzen laguntzea, ekonomia berriko profesionalei gaikuntza eta laguntza eskainiz.
