Segurtasuna Interneten, konpondu gabeko arazoa - Donostialdea - Hernani (eta argazkiak)
Miramon Enpresa Digitalak antolatuta
Autonomoek eta mikroenpresek beste hitzordu bat dute Informazio Teknologiei buruzko mintegien zikloarekin Hernanin
(Donostian, 2005ko urtarrilaren 24an). Datorren urtarrilaren 31an, autonomoentzako eta mikroenpresentzako Informazio Teknologiei buruzko beste mintegi bat egingo da Hernaniko BHIn. Hernanin egingo den hirugarren mintegia izango da, eta oraingoan aukeratu duten gaia segurtasuna Interneten izan da.
Internet enpresek eguneroko jardueretarako erabili ohi duten erreminta bihurtu da, horien neurria eta ezaugarriak edozein direlarik ere. Hala ere, horren inguruan zalantza ugari sortu ohi dira. Horregatik guztiagatik, Miramon Enpresa Digitalak mintegi honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu autonomoak eta mikroenpresak. Besteak beste, ondorengo gaiak landuko dituzte bertan: birusak, segurtasun kopiak, zabor-posta edo Datuen Babes Legearen eskakizunak. Hori guztia, gainera, profesional horiek beren negozioak Internetek eskaintzen dituen enpresa alorreko aukeretara modu seguruan eta horrenbestez, eragingarrian, nola moldatu jakin dezaten antolatu da.
Beste aldietan bezalaxe, mintegia doakoa da. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago izan nahi dutenek 902 252 595 telefono-zenbakira dei dezakete, edo mezua bidali cursos@miramondigital.com helbidera.
Miramon Enpresa Digitalak Hernanin eskainiko duen mintegien zikloa beste bost saiorekin osatuko da. Honakoekin: web-garapeneko zerbitzuen hornitzaileei eskatu beharrekoa (otsailaren 17an); negozioari aplikatutako telefonia mugikorraren erabilera eta aplikazio berriak (martxoaren 1an); softwarea eta aplikazio informatikoak alokatzeko zerbitzuak (apirilaren 5ean); finantza-entitateetako eragiketak on line egiteko modua (maiatzaren 10ean); eta merkataritza elektronikoko sistemak ezartzeko modua (ekainaren 2an).
Mintegi-ziklo hau eGipuzkoa 2005 ekintza-planaren eta Euskadi Informazioaren Gizartean planaren —hurrenez hurren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutakoen— baitan kokatzen da, izan ere, horien helburu da, beste hainbaten artean, Gipuzkoa lurralde aurreratua izatea enpresak informazioaren gizartean sartzeari dagokionez, konektatzeko aukerak eta merkataritza elektronikoa garatzearen bidez, hain zuzen ere. Helburu horretan sakontzeko, hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Miramon Enpresa Digitalaren bidez, beren ohiko jardun-eremutik, Donostiako Parke Teknologikoan gauzatzen denetik, harantzago joan eta beren prestakuntza-lana zabaltzearen aldeko apustua egin dute ikasturte honetan. Horretarako, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako mintegiak antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan.
Enpresa Digitala Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da eta honakoak ditu helburu nagusi: enpresaren barneko eragileak sentsibilizatzea eta prestatzea, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzea lehiarako zein garrantzitsua den ohar daitezen, eta informazioaren gizarterako bidean aurrera egitea. Horrezaz gain, sarean negozio berriak garatzen laguntzea, ekonomia berriko profesionalei gaikuntza eta laguntza eskainiz.
Ikus Argazkia 1
Ikus Argazkia 2
